viernes, 26 de mayo de 2023

"Donostia Business Center"

 

Irutxuloko Hitzan argitaratuta

 


Une historiko honetan, ezinbestekoa da herritarren antolaketa posizio pribilegiatutik hiria euren negozio bihurtu dutenei aurre egiteko.

Auzotarrei bizkarra eman diete, haien beharrei muzin eginez, zerbitzu publikoak debaluatuz eta espekulazioaren besoetara joz. Horretarako, neurrira egindako hirigintzaren abangoardian jarri dira, eraikuntza enpresa handien eta putre funtsen zerbitzura. Hala, EAJk, Goia buru, bere txakurtxo gonazalearekin, PSE-EErekin, erabaki du boteretsuen zerbitzura jartzea eta aurrean jartzen zieten edozein astakeria sinatzea.

Olatu parke bat Antondegin, itsasoa bi kilometrora izanda? Basque Culinary Center bat Groseko berdegune bakarrean, unibertsitate pribatu bati 26 milioi euro emanda? San Bartolomen merkataritza gune bat aparkaleku batekin, beste bat, Erdialdea gehiago kolapsatuko duena? Garbera handitu, dagoeneko gaizki dagoen tokiko merkataritza itotzen jarraitzeko? Sastada bat Marrutxipin, 500 zuhaitz baino gehiago moztuta, ibilgailu pribatua hiriaren erdiguneraino eramateko, emisio gutxiko eremu bat egon arren? Zergatik ez?

Hamarkada bat baino gutxiago behar izan dute hiria zentzugabekeriez betetzeko, espekulatzaileentzako negozio gune bihurtzeko, auzotarrok EAJren eta PSE-EEren amarruen ikusle huts bilakatu garen bitartean.

Turistifikazioaren aldeko lasterketa batean murgildu dira. Azken sei urteotan, 50 hotel eta ostatu baino gehiago baimendu dituzte, etxe turistikoen kopuru ikaragarriarekin. Zentzugabekeria horretan, Goiak, estilo neoliberal hutsean eta ikuspegi merkantilista argiarekin, arrautza guztiak turismoaren saskian jartzea erabaki du, langileriari prekarietatea baino ekarri ez dion logika bati jarraituz.

Hiria lukurrerian dabiltzanen esku uztean, ahalik eta gehien zukutzen saiatzen dira, guztiarekin geratzeko, nahiz eta horretarako gure lagunen, auzokideen eta familien bizitza aurretik eraman. Goiak, gainera, Azora putre funtsaren bozeramaile lanak ere egin ditu donostiarrak lasaitzeko. Azorak ehunka etxebizitza erosi ditu hirian, baina maizterrek orain arte zituzten baldintza berberak mantenduko dituztela adierazi du. Eta, zer gertatu da denbora honetan? Bere garaian ohartarazi genuena gertatu da. Azorak auzokideak itotzen ditu prezioen igoera handiekin, etxegabetzeekin, lehen beste hiri batzuetan egin zuen antzera.

EAJren eta PSE-EEren udal gobernua boteretsuen morroi izan da, eta gupidagabe jokatu du ahulenen aurrean, askok hiri honetan bizitzen jarraitzeko dituzten zailtasunei muzin eginez, lurraldeen eta gizartearen arteko desoreka indartuz, pertsona guztiek aukera eta eskubide berak izan ditzaten ezinbestekoak diren zerbitzuak debaluatuz. Ez da ahaztu behar zertarako eta norentzat gobernatu duten.

Alternatiba eraldatzaile bat eraikitzen jarraitu behar dugu. Gauza komunak, ondarea, lehen mailako arreta osasungintzan, ingurumena eta zaintza suntsitzearen aurrean. Beharrezkoa da indarrak metatzen jarraitzea, hiria berreskuratzeko eta guztion etxea eraikitzeko, Donostia alaitasunetik eta ausardiatik berpiztuko duten jende, auzo eta kolektiboen aniztasunak ahalbidetzen duen bultzadarekin. Arrazoiz gainezka gaude hiria bizitzeko moduko bizitzak izateko leku bihurtzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario