domingo, 19 de febrero de 2023

Arantza Gonzalez izango da Donostiako Udalerako Ezker Anitza-IUren hautagaia eta Juan Luis Merino Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaia

 Donostian, 2023ko otsailaren 17an

 

Bi hautagaiak bigarren postuan joango dira Ezker Anitza-IU, Podemos Ahal Dugu eta Alianza Verde alderdien artean maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako hautagai-zerrenda bateratuan

Arantza Gonzalez Garcia Ezker Anitza-IUren Gipuzkoako koordinatzailea eta Elkarrekin Gipuzkoako batzarkidea izango da Ezker Anitza-IU, Podemos Ahal Dugu eta Alianza Verde alderdien arteko hautagai-zerrenda bateratuko bigarrena. Bestalde, Juan Luis Merino Sanabria, Ezker Anitza-IUko Komunikazio idazkaria, bigarren postuan joango da Donostialdeko barrutian, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako zerrendan. Ezkerreko alderdiak bere ordezkarien berri eman du gaur, udal eta foru hauteskundeetan koalizioan aurkezteko akordioa itxi ostean.

Arantza Gonzalezek adierazi duenez, “EAJk eta PSEk zortzi urte daramatzate Udalean eta Batzarretan aplikatzen dituzten politika neoliberalen aurrean alternatiba bat dago, eta alternatiba hori da koalizioko hiru alderdiok ordezkatzen dugun euskal ezkerraren ekintza batasuna. Koalizioa irekia dago pertsona guztientzako bizitza duina bermatuko duen Gipuzkoa eta Donostia eraiki nahi duten beste erakunde batzuentzat”.

Gonzalezen esanetan, bizi dugun uneak erantzun argiak eta sendoak behar ditu “enpresa handien zikoizkeriaren aurrean langileen eskubideak defendatzeko; eraso erreakzionarioetatik borroka feministarekin lortutako eskubideak defendatzeko; eta ingurumena eta lurraren eskubideak defendatzeko, gutxi batzuen onura baino bilatzen ez duen sistema ekonomiko harrapari batetik”.

Ezker Anitza-IUren arabera, osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak eta etxebizitza ez dira pribilegioak, guztion berdintasuna bermatzen duten eskubideak baizik. Beraz, “horiek defendatzeko eta zabaltzeko lan egiteko konpromisoa hartzen dugu”, Arantza Gonzalezen hitzetan.

 

Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaia

Bestalde, Juan Luis Merino Sanabria Donostialdeko barrutiko bigarrena izango da Gipuzkoako Batzar Nagusietarako koalizio-zerrendan. Gaur egungo Komunikazio idazkaria eta Gipuzkoa eta Euskadiko zuzendaritzetako kidea da, eta eskarmentu handia du udaletan – zinegotzi izan zen Arrasaten eta Eskoriatzan –. Saharako eta Palestinako herrien giza eskubideen aldeko aktibismoagatik aintzatesten dute. Memoria historikoa berreskuratzeko mugimenduetan ere aktiboki lan egiten du, eta frankismoko krimenen zigorgabetasunaren aurkako euskal plataformako kidea da.

 

Juan Luis Merinok azpimarratu duenez, “zerbitzu publikoen defentsaren aldeko apustua egiten dugu, baita langileen gehiengo sozialarentzat baliagarria izango den Gipuzkoa sortzearen aldekoa ere”. Helburu horiek oinarri hartuta, “lurralde justuagoa eta sozialagoa lortzeko oinarriak ezarri nahi ditugu. Horretarako, lanean jarraituko dugu erreforma fiskal progresibo sakon bat martxan jarri arte, gehien dutenek gehiago ordain dezaten”.

Ingurumena izango da jarduteko lehentasunezko beste ardatzetako bat. Ildo horretan, Merinok baieztatu du “klima-aldaketa errealitate eztabaidaezina dela, planeta bat dugula eta etorkizuneko belaunaldientzat zaindu behar dugula”. Hala, Batzar Nagusietarako hautagaiak adierazi du “lurraldetik eta tokitik gure ekosistema gaizki tratatua babesten eta zaintzen duten politikekin jardun dezakegula eta jardun behar dugula”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario