lunes, 22 de noviembre de 2021

Elkarrekin Donostiak 32 orduko lanaldia ezartzeko proiektu pilotu bat proposatu du

 Donostian, 2021eko azaroaren 19an


Haizea Garay Elkarrekin Donostia udal-taldeko zinegotziak gogorarazi du lan-ordutegia astean 32 ordura murrizteko neurriak, soldatarik murriztu gabe, lana eta familia bateragarri egitea, genero-berdintasuna eta ingurumen-iraunkortasuna hobetzeko aukera ematen duela.


Elkarrekin Donostiak aste honetako batzordeetan udal mailako esperientzia pilotu bat martxan jartzeko eskatu zion Udal gobernuari, 32 orduko lanaldia soldata murrizketarik gabe ezartzeko. Proposamen horri esker, horrelako neurri batek herritarrei eta, oro har, Donostiako ekoizpen sistemari ekarriko lizkiekeen onurak ezagutu ahal izango lirateke. Horretarako, ezkerreko koalizioak planteatu du Udalak aplikazio hori sustatzea, hirian zerbitzu publikoak ematen lan egiten duten enpresen lankidetzarekin eta inplikazioarekin.

Ezkerreko zinegotziak adierazi duenez, “testuinguru global baten barruan lan-merkatua benetan errotiko aldaketak izaten ari den une honetan, erakundeok enplegua sortzearen eta lana modu orekatuan banatzearen alde egin behar dugu, kontziliazioaren alde, genero-berdintasunaren alde eta ingurumenaren iraunkortasunaren alde; zalantzarik gabe, garrantzi handiko neurri bat ildo horretatik doa, eta horri heldu behar zaio”.

Ildo horretan, Garayk EAJ-PSEren gobernuari eskatu dio beharrezko urratsak egin ditzala udal zerbitzuen kontratak Industria Ministerioak datozen hilabeteetan abian jarriko duen proiektu pilotuaren parte izan daitezen, lanaldi-murrizketa soldata-aldaketarik gabe aplikatzeko helburuarekin.

Koalizioko zinegotziak adierazi duenez, “uste dugu Donostiak une historikoaren mailan egon behar duela, eta aurrera egin behar duela enpleguaren banaketa handiagoa ahalbidetuko duten politiketan”. Era berean, Garayk gogorarazi du neurri hori Islandiakoa bezalako gobernuek defendatzen dutela, enpresa handietan ezarri dela eta emaitzak “oso positiboak” direla. Horrenbestez, ezkerreko koaliziotik ondorioztatu dutenez, “Donostia erreferentzia bihur daiteke bizitzaren eta ingurumenaren jasangarritasun-politiketan”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario