martes, 15 de febrero de 2022

Elkarrekin Donostiak Udal Gobernuak Larrialdi Klimatikoari aurre egiteko elkarrizketa-mahai bat ez ezartzea kritikatu du

 Donostian, 2022ko otsailaren 15ean


Elkarrekin Donostia udal taldeko Ezker Anitza-IUko zinegotzi Haizea Garayk Udal Gobernuaren iritzia erabat aldatu dela salatu du. Izan ere, duela bi urte egindako Larrialdi Klimatikoaren Adierazpenean klima-aldaketaren aurkako ekintzen jarraipena egiteko mahai politiko bat sortu egingo zuela esan zuen, baina orain ez du beharrezkotzat jotzen. 

 

Astelehen honetan egindako udal batzordeetan, Garay zinegotziak larrialdi klimatikoaren adierazpenaren jarraipenerako mahai politiko bat sortzearen inguruan galdetu du; izan ere, adierazpen hori egin zenetik, 2020ko martxoan, “hainbat alditan eskatu da mahai hori martxan jartzea, baina, hala ere, orain arte ez da eratu. Ez da horri buruz hitz egin, ezta ere, joan den abenduan egin zen Hiriko Ingurumenaren arloko azken Kontseiluan”.

Ezkerreko alderdiko zinegotziak gogorarazi nahi du datorren hilean bi urte beteko direla Tokiko Gobernu Batzordeak Larrialdi Klimatikoaren Deklarazioa onartu zuenetik, eta, horrekin batera, Udal gobernuak ibilbide-orri bat planteatu zuela klima-aldaketari aurre egiteko ekintza-plan bat garatzeko. Plan horrek hainbat ekintza planteatzen zituen, besteak beste, ezarri beharreko neurri guztien jarraipena egiteko mahai politikoa eratzea. Denborak aurrera egin du elkarrizketa-mahai honen berririk izan gabe, eta, horren aurrean, zinegotziak gobernuari galdetu dio ea oraindik martxan jarri ez den arrazoi zehatzen bat dagoen. Izan ere, zinegotziaren iritziz, “elkarrizketa-gune bat sortu eta bertan hainbat kolektiboren esperientzia eta, oro har, herritarren ekarpenak txertatzeak izango luke, zalantzarik gabe, larrialdi klimatikoaren aurkako ekintza-planaren jarraipen zabalagoa eta pluralagoa egiteko”.

Horren aurrean, gobernuaren erantzuna izan da ez duela lehentasunezkotzat jotzen bere garaian iragarri zuen mahaia sortzea. “Hau adarjotzea baino ez da, eta benetako kezkarik ez dagoela erakusten du. Ezin dituzte lau neurri jarri paper batean, eta lehenengoan esan mahaia ez dela lehentasuna". Garayk gaineratu duenez, “gai askotan egiaztatu dugun bezala, gobernuaren adierazpenak hitz hutsetan geratzen dira; gero ezertan gauzatzen ez diren partaidetza-prozesuak iragartzen dituzte -gero betetzen ez diren itxaropenak sortuz-; elkarrizketarako guneak iragartzen dituzte, baina gero ez dituzte sortzen; izan ere, utzikeriaz gain, gobernu honen arazo nagusietako bat bereak ez diren planteamenduak entzuteko duen fobia da”. 

Zinegotziak adierazi duenez, jarrera horrekin "Udal gobernuak bere interes falta erakusten du, eta arduragabe jokatzen ari da bere planteamenduak betetzen ez dituelako". "Gobernu honek aldaketa klimatikoaren aurkako borroka argazki soil batera murriztea erabaki du, egungo eta etorkizuneko egoera konpontzen ez duena", esan du Garayk.

No hay comentarios:

Publicar un comentario