jueves, 24 de febrero de 2022

Ezker Anitza-IU Donostia taldeak uko egiten du Udal Gobernuak Easo-Morlans-rako aurkeztutako proiektua

 

Donostian, 2022ko otsailaren 23an


Ezker Anitza-IU Donostiaren batzarrak kritikatu egiten du hiriarentzat hain garrantzitsua den proiektu bat osatzea auzotarrekin eta herritarrekin aldez aurretik partaidetza-prozesurik egin gabe, eta erabat arbuiatzen du Udal-gobernuaren planteamendua, espazio hori dentsifikatzen duelako, berdeguneak kenduz eta berriro ere ibilgailuen trafikoari protagonismoa emanez.

 

Ezkerreko erakundearen iritziz, Donostiako alkateak atzo aurkeztu zuen proiektuaren arabera -Easoko trenbideak lurperatzeagatik libre geratuko den espazioan gauzatuko dena-, ekipamenduetarako eta etxebizitzetarako zazpi eraikin (450 eta 500 artean) eta lur gaineko 150 aparkaleku eraikiko dira, eta hiriaren erdiguneko gune bat masifikatzen baino ez du lagunduko. Badirudi donostiarrentzat baino gehiago irabazi ekonomikoak lortzera bideratutako planteamendua dela.

Are gehiago, Easo Berri Bat eta Amara Bai auzo-elkarteak aspaldidanik ari dira espazio horren inguruko prozesu parte-hartzailea eskatzen, askotan jakinarazi dutenez, ekarpenak egiteko planteamenduak baitituzte. Aitzitik, atzoko iragarpenarekin, Udal gobernuak erakutsi du entzungor egin diela bere proposamenei, nahiz eta prozesu parte-hartzaile hori martxan jarriko zuela iragarri.

Ezker Anitza-IU Donostiak badaki hirian etxebizitzak behar direla; hala ere, uste du aurkeztutako proiektuarekin eremua masifikatu nahi dela, metroko-pasagunearen obren kostu estra konpentsatzeko. Donostiaren batzarrak uste du, bideak estaliz erabilgarri geratuko litzatekeen espazioan, zati bat etxebizitza babestuetarako erabil daitekeela, espazio publiko irekiak, berdeguneak mantenduz eta komunitate-ekipamenduekin batera, espazioa saturatu gabe.

Batzarrak, bestalde, Udal gobernuaren politika inkongruentea salatzen du; bistan da proposatutako garapen berrian zementua dela nagusi eta, 2020ko martxotik aurrera hirian Larrialdi Klimatikoko egoera deklaratuta, espazio berdeak sortzearen eta kontserbatzearen inguruko ekintzak premiazkoak direla, eta ez horiek kendu, dirudienez, Menchu Gal lorategien parkearen etorkizuna izango den bezala. Eremu horrek egungo parkearen %60 inguru galduko luke, "komunitatearen ekipamendurako" aurreikusitako eraikinarekin eta errepide batekin. Arabako parkearen kasuan, erabat isolatuta geratuko litzateke, errepidez inguratuta.

Era berean, Gobernuaren proposamena ez da koherentea mugikortasun iraunkorraren ikuspegitik; une honetan, Datorren Donostia programaren barruan Behe Emisioen Eremu bat sortzeko lanean ari dira udaletxean, hirian ibilgailu pribatuen zirkulazioa murrizteko esku hartu beharrean, Easorako proiektu honetan, ibilgailuen trafikorako bide berri bat planteatzen da. Hori ez dator bat kutsadura murrizteko emisio gutxiko eremuak sortzearekin eta oinezkoei eta bizikleta-erabiltzaileei leku gehiago emateko mugikortasunaren arloan egin beharreko aldaketekin. Aurreikusitako 150 aparkaleku-plazek ibilgailu pribatuarekiko lehentasun hori berresten dute.

Amaitzeko, Batzarrak Goiako gobernuari eskatzen dio iragarritako proiektua bertan behera uzteko eta parte-hartze prozesu bat abian jartzeko, Donostiako herritarren eskaerei erantzungo dien prozesu bat eraikitzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario