viernes, 8 de abril de 2022

Elkarrekin Donostiak Uliako Gerra Zibileko hobian esku-hartzea bizkortzea exijitzen dio Udal Gobernuari


 Donostian, 2022ko apirilaren 6an


Haizea Garay Elkarrekin Donostia taldeko Ezker Anitza-IUko zinegotziak onartezintzat jo du Donostiako Udal Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren pasibotasuna Uliako hobiaren prospekzio eta berreskuratzearen aurrean. Esku-hartze hori jasota zegoen 2015-2020 aldirako hobien planean, eta duela ia urtebete berrito onartu zen Eusko Legebiltzarrean.

Ezkerreko alderdiko zinegotziak gogorarazi duenez, 2021eko ekainean Eusko Legebiltzarrak Jon Hernandez Ezker Anitza-IUko legebiltzarkideak aurkeztutako legez besteko proposamena onartu zuen Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean, Ulian dagoen hobi komunaren prospekzioa, ikerketa eta berreskurapena egiteko, Gerra Zibilean Donostian desagertutako pertsonak bilatzeko helburuarekin, eta 2015-2020 aldirako hobien planaren aurreikuspenak betez. Garayk dioenez, “harrigarria da hilabete lehenago, maiatzeko udalbatzarrean, Donostiako Udalean Gobernua osatzen duten alderdi berberek Uliako hobiaren prospekzio-proposamen hori bera errefusatzea”.

Ulian dagoen hobiak leku zehatz eta ezagun bat du, eta, gaur egun, hobi horretan lurperatu zituzten fusilatutako pertsonen ondorengoak badaude, senideen gorpuzkiak berreskuratu nahi dutenak. Legebiltzarrean onartutako ekimenarekin, berriz ere prospekzioaren bideragarritasuna jarri zen mahai gainean, Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzeko eta haien gorpuzkiak berreskuratzeko helburua betetzeko. Helburu hori Estatuko Memoria Demokratikoaren Lege Proiektuak eta Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege Proiektuak jasotzen dute. Hala ere, “laster urtebete egingo du Legebiltzarrak hobi horren prospekzioa egiteko erabakia hartu zuenetik, eta oraindik ez da inolako aurrerapenik egin”. “Begoñako hilerrian lurperatutako pertsonen gorpuzkiak berreskuratzen ari diren bitartean, ustez Euskadiko hobi komunik handiena dena, hilerriko dokumentazioan jasota ez zegoena, Ulian duela urte batzuetatik ezagutzen dugu, eta oraindik ez da ezer egin”, kritikatu du zinegotziak.

Garayren hitzetan, “egun batzuk barru Eibarren II. Errepublika aldarrikatu zen egunaren urteurrena ospatzeko ekitaldira joango gara, eta egia, justizia eta erreparazioaren printzipioetatik sinesgaitza da oraindik ere milaka pertsonak beren senideak lurperatuta izatea -80 urte baino gehiago- eta gure erakundeek denbora pasatzen jarraitzea, hatzik mugitu gabe”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario