jueves, 10 de noviembre de 2022

Jon Hernandez legebiltzarkideak salatu du Donostiako EAJ-PSE gobernuak okertu egin dituela eraikin publikoetako garbitzaileen lan-baldintzak genero-arrakalan sakonduz

 Donostian, 2022ko azaroaren 11an

 

Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IU taldean Ezker Anitza-IUko legebiltzarkideak eskatuta, Donostiako Udaleko eraikin publikoetako garbitzaileek agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean, haien prekarietatea, lan-baldintza txarrak eta egiturazko desberdintasuna salatzeko. Halaber, Donostiako Udalak, onartu duen kontratu berriarekin, egoera hori larriagotu eta kroniko bihurtuko duela salatzeko.


Donostiako eraikin publikoetako garbiketa-zerbitzuko langileek agerraldia egin zuten atzo Eusko Legebiltzarrean, EAJk eta PSEk onartutako agiri berriak dagoeneko prekarioak diren lan-baldintzei dakarzkien ondorio negatiboak salatzeko. Era berean, salatu dute generoko soldata-arrakala handia dutela eta Udalak ez duela betetzen Berdintasunerako Legea. Hernandezek justifikatu du langileak Eusko Legebiltzarreko Lan eta Enplegu Batzordera joan behar zirela, aspalditik ari direlako Donostiako Udalean ate guztiak jotzen, hiriko EAJ-PSE gobernuaren erantzunik gabe. Legebiltzarkideak gogorarazi du, ordea, “erakundeek enpleguak kalitatezkoak eta genero-diskriminazio onartezinik gabeak izan daitezen zaindu behar dutela, batez ere erakundearen beraren mende dauden enpleguez ari garenean, kasu honetan Donostiako Udalarena. Hori ez da bermatzen”.

Legebiltzarrean emakume langileei entzun ondoren, Hernandezek adierazi du “onartezina dela batzuek saldu nahi diguten distira eta elitismoko Donostiaren kontrastea hiriko eraikin publikoak garbitzen lan egiten duten emakumeen egoera prekarioarekin. Antzokiak, kultur etxeak, ikastetxeak, haurreskolak. Horiek, gainera, garbiketa-zerbitzu okerragoa izango dute, Udal gobernuaren erabakien ondorioz; izan ere, behar ez den tokian murriztu nahi ditu, eta donostiarrentzat lehentasun txikiagoa duten beste gai batzuetara bideratzen ditu milioiak”.

Donostiako eraikin publikoen garbiketa-zerbitzuko kontratako langileak aspalditik ari dira lan-baldintza txarrak salatzen, eta, “kasu horietan gertatu ohi den bezala, Udalak uste du langileen eta zerbitzuaren esleipendun den enpresa pribatuaren arteko kontu bat dela, eta enpresak, kasu honetan FCCk, Udalak berak ezarritako baldintzei erantzuten die”, ezkerreko legebiltzarkideak dioenez.

Emakume langileak salatzen ari ziren egoerari, une honetan, azpikontratatutako zerbitzuan gertatzen ari diren aldaketen ondorioak gehitu behar zaizkio. Aldaketa horiek lan-baldintzak okertzea ekarriko dute, eta, gainera, litekeena da aldi baterako langile guztiak lanik gabe geratzea. Donostiako Udal gobernuak erabaki du eraikin publikoak garbitzeko lizitazio-agiri berrian udal eraikin batzuk garbitzeko orduak murriztea, hala nola haurtzaindegiak, ikastetxeak eta zahar-etxeak. “Erabaki horrek langileen lan-baldintzak nabarmen okertuko ditu, eta, era berean, gizarte-erabilerako zentro horietan ematen den zerbitzua hondatu egingo da”, Hernandezek adierazi duenez.

Une honetan, eraikin publikoetako garbitzaileek beren hitzarmen kolektiboa negoziatzen egon beharko lukete, baina hitzarmen hori baldintzatuta dago Gipuzkoako hiriburuko Udalak egindako lizitazioen aurrean enpresek egindako presioagatik. Gaur egungo enpresa ez da konkurtsora aurkeztu eta ez du negoziatu nahi; beraz, urte honetan soldatak izoztera kondenatuta daude langileak.

Era berean, emakume langileak pairatzen ari diren desberdintasun kronikoko egoerarekin amaitzeko eskatzen ari dira; izan ere, “udal horrek azpikontratatutako zerbitzu batean, langile gehienak emakumeak dira – plantillaren % 97 –, eta emakume horiek pairatzen ari dira baldintza txarrenak, bai soldatari dagokionez, bai eskubide sozialei dagokienez, nagusiki gizonek osatutako zerbitzu azpikontratatuetako langileen aldean, urrunago joan gabe, garbiketaz arduratzen diren plantillari dagokionez baino, kasu honetan, bide publikoetan garbiketaz arduratzen baitira”, Ezker Anitza-IUko legebiltzarkideak kritikatu duenez.

Soldata-arrailak bizi-prekarietatea eragiten du, eta prekarietate hori kalteberatasun bihurtzen da. “Eta egoera horri eutsiz, Udal-gobernua, gure ustez, legea urratzen ari da, ordainsari-diskriminazioa desagerrarazi egin behar baita, Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarrenez aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legeak eskatzen duen bezala”, amaitzen du Hernandezek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario