jueves, 26 de mayo de 2022

Elkarrekin Donostiak GI-20 errepidea Intxaurrondotik lotzeko proiektuak zuhaitzen galera eramango du Osoko Bilkurara

Donostian, 2022ko maiatzaren 25an

 

Haizea Garay Ezker Anitza-IUko zinegotziak, Elkarrekin Donostia udal taldean, premiazko interpelazio bat erregistratu du ostegun honetako osoko bilkuran, GI-20 errepidearen lotune berriak Marrutxipi parean izango duen eragina aztertzeko. Izan ere, zuhaitz-masa galtzea dakarten jarduera horiek guztiz kontrakoak dira hirian aitortutako larrialdi klimatikoaren aurrean.

Ezkerreko koalizioko zinegotziak azken egunotan talde ekologistek egindako salaketak jaso ditu. Talde ekologistek ohartarazi dutenez, 180 zuhaitz inguru markatu eta zenbakitu dituzte Etzieta parkearen inguruan mozteko, Mons pasealekuaren eta GI-20 errepidearen artean, Marrutxipi inguruan. Bertan, errepide hori zulatzea aurreikusita dago hirirako sarbide berri bat sortzeko. Garayren ustez, “Udal gobernuak saihestu egin behar du zuhaizti hori moztea, hesi gisa jarduten baitu errepidearen trafiko handiak hiri-zati horretan eragiten duen kutsadura akustikoa eta ingurumen-kutsaduraren aurrean”.

Ildo horretan, zinegotziak ohartarazi duenez, “egiaztatuta dago zuhaitzak eta biodibertsitatea galtzeak eragin negatiboa duela pertsonen osasunean, baina, kasu honetan, zuhaitz-masa ezinbestekoa da errepide horretatik autoetarako sarbide berriak izango duen eragin negatiboa geldiarazteko. Alde batetik, berdeguneen galera horrek ingurunea artifizializatzea eragingo du, baina, gainera, kutsaduraren aurkako hesi natural horren galera, hain zuzen ere, inguruneko ibilgailuen trafikoa handitzearen ondorioz emisioak areagotzen diren unean gertatuko litzateke, eta horrek ondorio kaltegarriak ekarriko lizkioke bizilagunen osasunari.”

Horregatik guztiagatik, Garayk Udal-gobernuaren jarduera eskatuko du, inguruko bizilagunek GI-20ak eragiten duen kutsadura akustikoaren eta ingurumen-kutsaduraren aurrean egungo zuhaitz-hesia izaten jarraitu ahal izatea bermatzeko, eta gogorarazi du “Gobernu honek duela bi urte baino gehiago hirian larrialdi klimatikoa deklaratu ondoren hartutako konpromisoa duela. Hala eta guztiz ere, ingurumen-kutsadura, inpaktu akustikoa eta berotze globala geldiarazteko neurriak hartu beharrean, bai Udal-gobernua, bai Foru Aldundiarena, tematuta daude natura-ingurunean eragin handiak eta atzeraezinak dakartzaten obra eta proiektu ugari gauzatzeari.”


No hay comentarios:

Publicar un comentario